Getxoko Udalak, Bizkaiko zenbait udalekin batera (Gernika-Lumo eta Txorierriko Mankomunitatea) KAISHOP! kanpaina martxan jarriko du berriro, herriko merkataritza bultzatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin. Alkarbideren (Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilgunea) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, aurtengo leloa “Euskara + km0 = kalitatea!” izango da.
Asmoa da tokiko merkataritzak eskaintzen digun tratu pertsonal eta hurbila, kalitatezko produktuak hurbil erosteko aukera eta euskarak tokiko merkataritzan duen garrantzia aitortzea.
KAISHOP! kanpaina urrats bat gehiago da Udala aspalditik merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko egiten ari den lanean. Gogoratu ildo horretan, 2018an Euskararen Laguna Saltokien sarea sortu zenetik, 265 establezimendu baino gehiago gehitu direla bertara, herritarrei beren egunerokotasunean euskara erabiltzeko gonbidapena eginez.
Sentsibilizazio ekimen hau maiatzan zehar garatuko da. Kanpainaren irudia Euskararen Laguna Saltokien sareko kide diren sei establezimenduk osatzen dute: Baserri Taberna, Kantxa Kirol Moda, Eguizabal-Puebla hortz-klinika, M&S ile-apaindegia, Estimua ongizate-espazioa eta Ibaigane arrandegia. Kanpaina osatzeko, bestalde, Kaishop ibiltaria lehiaketa antolatu da.
Gainera, Getxon erosketak euskaraz egiten dituzten bezeroak saritu nahi ditugu; horregatik, kanpainari atxikitako edozein establezimendutan euskaraz erosiz gero, bezeroak KAISHOP! EKIMENAREN MATERIALA JASOKO DU DOAN.