2024/4/12
Piano-jotzaile japoniarrak eta gitarrista iparramerikarrak aurretik iragarritako Stacey Kent, James Carter eta Bill Frisell-i gehitu zaizkie
Getxo Jazzaren ordainezko kontzertuen programazioa osatuta berri da. Jazzaldiaren 47. edizioan Hiromi japoniar piano-jotzaileak Sonicwonder bere azken proiektua aurkeztuko du eta Kurt Rosenwinkel gitarra-jotzailea izen handiko musikariak biltzen dituen laukote batekin arituko da. Uztailaren 3tik 7ra bitartean, Muxikebarri zentroak hartuko ditu saio nagusiak, eta, horietan, publikoak aurrez iragarritako Stacey Kent, James Carter eta Bill Frisellen kontzertuez gozatzeko aukera ere izango du. Sarrerak eta bonua datorren astelehenean, apirilak 15, jarriko dira salgai Getxoko Kultur Etxeko ohiko saltokietan.
Hiromi Uehara (1979, Hamamatsu) jazz modernoko piano-jotzaile eta konpositore berezienetako bat da. Bostongo Berklee College ospetsuan hezia, 2003an egin zuen debuta Another Mind diskoarekin, eta lan horretan artista berezia zela agerian utzi zuen. Besteak beste, Chick Corea eta Stanley Clarkerekin kolaboratu du, eta azken horrekin grabatu zuen Jazz Disko Onenari emandako Grammy saria, sarien 53. edizioan. Teknika birtuosoa garatu eta agertokian duen intentsitateagatik ezaguna, genero ugari uztartzen ditu bere konposizioetan, esaterako jazza, musika klasikoa, rock progresiboa eta fusioa.
Uztailaren 4an, ostegunean Getxora egingo duen bigarren bisitan, Sonicwonder lanarekin dator, groove soinuez betetako diskoa, funka eta soinu elektrikoak jazzaren bitartez uztartze dituena. Emanaldi honetarako Hadrien Feraud (baxua), Adam O 'Farrill (tronpeta) eta Gene Caye (bateria) musikariek osatutako laukotea izango du alboan. Proiektu berri honetan, Japoniako interpretearen trebetasun teknikoa eta inprobisatzeko gaitasuna eszenatokien gainetik eraksten dituen energia eta umorearen zerbitzura jarriko dira.
Biharamunean, uztailaren 5ean, Kurt Rosenwinkelen txanda izango da (1970, Filadelfia). Azken hamarkadako jazz-panoramako itzal handiko gitarra-jotzailea omen da musikari estatubatuarra eta dagoeneko klasiko bihurtu da, bere teknika miragarriari eta berezko talentuari esker, estilo eta asmamen handiko erregistro propioa garatzera eraman baitu. Perico Sambeat eta Joshua Redman bezalako musikarien ohiko kolaboratzaileak The Next Step eta Heartcore diskoa arrakastatsuak grabatu ditu, besteak beste.
Oraingo honetan, jazz modernoaren musikari onenetariko batzuk izango ditu kide Muxikebarrin: Mark Turner saxofoi-jotzailea, Ben Street baxu-jotzailea eta Jeff Ballard bateria-jotzailea. Rosenwinkel-Turner-Street-Ballard proiektua birtuosismoa eta gustu ona uztartzen dituen aliantza, modernitatea eta tradizioa bateratuz, belaunaldi ezberdinetako artistengan eragin handia izan duten lau musikariren eskutik.