2024/2/19
Herritarrei zerbitzu eraginkorragoak eskaintzeko asmoaz, Udalak erakundearen eraldaketa digitalerako plana jarri du abian. Lehen proiektu handia aurten hasiko da, eta 3.000.000 euro inbertituko ditu. Bertan, prozesuak eta prozedurak sinplifikatzea eta plataforma digital berri bat ezartzea aurreikusten da, administrazio-izapideak eta -prozedurak erraztu eta arinduko dituena.
Zaloa Campillo Modernizazio zinegotziak azaldu duen bezala, “modernizazio digital honi esker berriro ere getxotarrak udal kudeaketaren erdigunean jartzen ditugu. Administrazioarekin egin beharreko izapideen % 80 baino gehiago hainbat gailutatik online kudeatu ahal izatea eta erantzuteko denborak nabarmen murriztea lortu nahi dugu”.
Gainera, paperaren erabilera murrizteak eta Udalaren eta herritarren arteko harreman-prozesuetan presentzialtasuna minimizatzeak udalerriaren iraunkortasunari ere lagunduko diote, ingurumenari eta mugikortasunari dagokienez.
Udalaren proiektu berritzaile honek hiru urte iraungo du, eta eraldaketa digitalerako estrategia global baten barruan kokatzen da. Administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetuko dituzten beste ekimen batzuek jarraituko diote estrategia horri.